Ikastetxe hirueleduna

Gure eredu linguistikoa hirueleduna da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakasten eta ikasten dugu.

Irakaste-ikaste prozesuan ahozko adierazpena eta gaitasun erretorikoa sustatzen dituzten jarduerak planifikatzeari garrantzi handia ematen diogu. Hala ere, edozein hizkuntzatan egin ohi den ikaskuntza esanguratsu batek ikasgelatik at ere testuinguruak behar dituelakoan gaude. Hori dela eta, ikasleak kanpoko ekimenetan parte hartzera bultzatzen ditugu, hala nola, lehiaketetan, eztabaidetan eta abarretan. Izan ere, ekimenotan hizkuntzak nahitaez erabili behar dira, eta, ondorioz, ikasleek, era esanguratsuan, komunikaziorako eta argudiatzeko gaitasunak hobetzen dituzte.

DBHko 1. mailatik Batxilergoko 2. mailara arte, ikasleek atzerriko bigarren hizkuntza bat ikasteko aukera dute, gure kasuan, frantsesa.

Euskara

Jakin badakigu inguruko errealitate soziolinguistikoa zein den; gure inguruan jende gehiena gaztelaniaz mintzatzen da. Gauzak horrela, ikasleen artean euskarak presentzia handiagoa behar duela uste dugu, eta horregatik euskara da irakaste-ikaste prozesuaren komunikazio-hizkuntza nagusia, baita ikasgela barruan nahiz kanpoan egin ohi ditugun jarduera osagarri gehienena ere. Gainera, herriak eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatzen ahalegintzen gara, udal mailan euskaraz eta euskararen alde antolatu ohi diren ekimenetan ikastetxe gisa parte hartuz. Ikasleek titulu ofizialak lortzeari begira, urtero ikastetxean bertan euskara ikastaro trinko bat antolatzen dugu, Batxilergoko 1. mailako ikasleei zuzendua. 22-23 ikasturtean zehar, eguerdietan etorri berri diren ikasleei hizkuntza indartzeko programa bat eskaini genien (“ARI” errefortzua).

Gaztelaina

Hainbat urtetako eskarmentuaren ondoren, eta gaztelaniaren gaitasun linguistikoa hobetu nahian, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloetan Piktoidazketa deritzon metodologia berritzailea ezarri dugu. Jakin badakigu Lehen Hezkuntza amaitutakoan zer nolako irteera-profila gura dugun, eta Bigarren Hezkuntzaren hasiera-hasieratik ikasleek ideiak modu koherentean adierazten ikasteko, hiztegi egokia erabiltzeko, testuak egituratzeko eta gramatika eta ortografia hobetzeko beharrezkoak diren gaitasunak izatea gura dugu.

Ingelesa

Ingelesaren kasuan, Haur Hezkuntzan lantzen hasten da. Jada bi urteko gelako ikasleekin, egunez eguneko une jakin batzuetan, zenbait jarduera ingelesez planifikatzen ditugu, hizkuntza honekin harremanetan has daitezen. Jarduerok zuzenduak eta askotarikoak izan ohi dira, psikomotrizitatea, besteak beste. Helburua, ikasleak hizkuntza honetara hurbiltzea da, Lehen Hezkuntzari begira. Bai Lehen Hezkuntzan bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasgai batzuk ingelesez ematen dira, hizkuntza horren gaitasun linguistikoak finka ditzaten, ikaskuntza esanguratsu baten bidez. Ikasgelan egin ohi den lanaz gain, ikasleek ingelesa eskola-testuingurutik kanpo ere erabil dezaten sustatu gura dugu, zenbait jarduera osagarri planifikatuz. Horrela, gaitasun linguistikoa hobetuko dute.